top of page

Gure metodologia:

Gure ikastola metodologia konstruktibista dauka;

 

AURKEZPENA

 

Haur Hezkuntzak berebiziko garrantzia du bai haurraren garapen osoan, baita euskalduntze prozesuan ere. Etapa honetan garatzen hasten dira, hain zuzen, adimenaren gaitasunak, nortasunaren ezaugarriak, gorputzaren ahalmenak, gizarteratze eta harremanetarako hastapenak. Beraz hezkuntza arloan betekizun nagusia du. Betekizun horri erantzun nahian hezkuntza komunitatearen etengabeko ikerketa eta hobekuntza prozesuaren pauso berri bat da URTXINTXA proiektua. Proiektu honen berrikuntza nagusiak honakoak lirateke: hezkuntz proiektua hobetzea curriculum diseinuaren ulermen maila erraztuz eta koherentzia bertikala ziurtatuz; zehar lerroekiko konpromisoa indartzea; aniztasunari erantzuna emateko bide berriak jorratzea; eleaniztasunaren hainbat eragile integratzea; irakurketa idazketaren paradigma eraikitzailea garatzea.

Testuinguru honetan, ondorengo lerroetan URTXINTXAren ezaugarri nagusiak aurkezten dira.


 

METODOAREN EZAUGARRIAK

  • Gaitasunen garapenean oinarritua.

  • Ikaskuntzan esanguratsua: ikasle aktiboaren bila dabilena. Haurraren bizipen, esperientzietan eta jolasetan txertatutako ikas-prozesua.

  • Euskalduntasunetik abiatuz, unibertsal kulturako bidea egiten duena.

  • Beste herrialde batzuetako ohiturak ezagutzen dira, baita euskalkien presentzia ziurtatzen da. Irakasleen berrikuntzaren eta trebakuntzaren bultzatzailea.

  • Etapen arteko lotura ematen da planteamendu bateratua eta koherentea bideratuz.

  • Eskola inklusiboaren eraketa. 

​

​

IRIZPIDE METODOLOGIKOAK

 

  • Globalizatzailea. Haurraren garapen alderdi guztiak elkarrekin lantzen dira ipuinaren inguruan.

  • Ikuspegi eraikitzailea. Irakaskuntzaren eraikuntza autonomoa eta konpartitua bultzatzen du.

  • Ikaskuntzan subjektu aktiboa ikaslea da, ikaslearen kudeaketarako taldekatzeari eta elkarrekintzari garrantzi handia ematen baitio.

 

 

Haur Hezkuntzako ikasleen ezaugarri orokorrak

 

Hezkuntza sistemaren lehen maila da Haur Hezkuntza. Haurraren jaiotzatik 6 urtera bitarteko aroak osatzen du eta bi ziklotan egituratzen da: lehena 0 eta 3 urte bitartekoa, eta bigarrena, berriz, 3tik 6ra bitartekoa.

Adin hauetako ezaugarriak beste etapetatik desberdinak dira eta hori hala islatu behar du ikastetxeko, gelako eta jardueren antolaketako planteamenduetan. Lehen urte hauetan, familiak ikastetxearekin batera hezkuntzaren baitan zeregin handia du eta URTXINTXA proiektuan nahiko zehatz adierazten dira gurasoekiko harremana, elkarlana eta interbentzioaren nondik norakoak.

Haur Hezkuntzaren bigarren zikloan, lehen zikloan abian jartzen diren garapenaren alderdiak zabaldu eta sendotzen dira. Ziklo honen lehen urtean zenbait haur lehenengo aldiz izango da Haur Hezkuntzako zentro batean. Egokitze garaian familiak, hezitzaileak eta zentroak berak ere parte hartu ohi dute. Egokitze prozesu hau ahalik eta samurren burutu ahal izateko jarraipide komunak hartzea komeni da.

Praktika pedagogikoaren oinarriak, jarduera-ekintza, jolasa, behaketa eta esperimentazioa dira, bai banaka eta baita taldeka ere.

Hiru urteko haurrek etengabe mugitzeko beharra dute. Haurrak bere gorputz trebetasunak frogatu behar ditu, baina, aldi berean, mugak ditu. Mugimendu handiko jolasak eta lasaiagoak tartekatzen ditu. Garai hau aproposa da orekazko, mugimendu koordinaziozko eta erritmo sinpleak dituzten jarduerak proposatzeko.

Esku-kontrolari esker, gero eta ekintza gehiago burutu ditzake: elkartu, hatz egin, moztu, pintatu, erantsi, lotu, etab. Gero eta hobekiago menperatzen du trazaketa, eta esku biak erabiltzen ditu alde bat aukeratu arte.

Espazioan objektuak bere tokian ipintzen ikasten du eta oinarrizko nozioez jabetzen da: aurre/atze, goi/behe… Objektuen ezaugarriez jabetzeko kontrasteez baliatzen da: handi/txiki, luze/motz, lodi/mehe, garai/baxu, etab.

Gorputzaren atalak izenda ditzake, eta baita irudi batean ezagutu ere.

Keinu eta begiradaren bitarteko adierazpena oraindik indartsua da, baina aho-hizkuntzaren bitartez erabat aberasten du bere komunikazio-gaitasuna. Ingurua ezagutzeak eta elkar ekintza sozialak ezagutzen dituen hitzen kopurua handitzen laguntzen dio, eta baita esaldiak hobeki egituratu eta artikulatzen ere. Lehen baino azalpen eta kontakizun konplexuagoak ulertzeko gai da, eta gero eta denbora luzeagoz entzun dezake helduek esaten diotena.

Plastikako jarduerak oso atsegin zazkio, eta beti dago pintatzeko, modelatzeko eta konposatzeko prest. Gauza bera gertatzen zaio musika eta dantza bezalako adierazpenekin ere.

Helduen aurka egiten du haien aurrean autoafirmatzeko, baina gero eta errazago zaio amore ematea edo helduek arrazoituriko erabaki nahiz proposamenak onartzea.

Adin honetako haurra sarriago ikusten da lagunen batekin, denbora batez berezi ezinak izan daitezke, gauza bera esan daiteke jolas-taldeari dagokionez ere. Bere jarrera gero eta hartzaileagoa da, baina adin horri dagokion egozentrismoak nagusi izaten jarraitzen du. Berekoitasun horretatik irteten laguntzeko oso garrantzitsua da zer hezkuntza jarraibide hartzen dituen: bere gauzak lagunekin banatzera gonbidatu, talde lanak egitera bultzatu, jostailuak konpartitu, bere txanda iritsi arte zain egoteko eskatu, etab.

Bere ohiturak ere zabaltzen doaz: jantzi eta erantzi, hortzak garbitu, oheratu, sardexkaz jan, erabili dituen materialak jaso, etab. bakarrik egiteko gai da. Horrela, helduekiko menpekotasuna gutxitu eta bere autonomia gehitu egiten du. Ziklo honetan lehen baino askoz hobeto ezagutzen du bizi den ingurua eta horri esker haurrak gauza berriak ikasten ditu beste pertsona, natura, eta bizimoduei buruz. Egoera honek komunikatzeko eta errealitatea errepresentatzeko tresna berriak garatzera bultzatzen du haurra. Jolas sinbolikoak oso garrantzitsuak bihurtzen dira taldearen bizitzan.

Hiru urterekin pentsamendu logikoaren lehen ezaugarriak agertzen hasten dira, eta horiei esker sailkapen edo ordenamendu sinpleak egin ditzake haurrak, baita kantitate edo espazioaren errepresentaziozko nozio errazak bereganatu ere.

Lau urtera hurbiltzen doazen heinean haurrek hobeto bereiz dezakete zer den erreala eta zer beraiek asmatua. Beren azalpenek sinesgarritasun handiagoa dute.

Zikloa amaitu arteko hurrengo urteek planteamendu pedagogiko berdintsua dute. Orain arte landu diren garapen-alderdiak sakontasun handiagoz azalduko dira, beren arteko oreka mantenduz eta haurren pentsaera logikoaren garapenak zenbakizko, topologiazko eta denborazko nozioetara hurbiltzen duten estrategiak ere aplikatzea ahalbideratuko du.

Nolanahi ere, haur bakoitzak garapen erritmo propioa daukanez, sailkapen guztien gainetik, bakoitzaren bilakera indartzea eta errespetatzea izango da hezkuntzaren helburua.

 

 

 

Metodologiaren ezarpenari dagokionez, pixkanaka-pixkanaka egiten gabiltza. Aitzindariak HH1. mailako ikasleak izan ziren 2008-2009. ikasturtean.

 

Proiektu honek jarraipena dauka Lehen Hezkuntzan Txanela proiektuaren bidez.

bottom of page